Es

Eu



Itzalen oihartzuna

 

 

    Xxxxxo. Ixo. Lo dira artean… edo ia.

    Isildu!

    Ez daitezela esna izan zirenak. Ez ditzatela begiak zabal.

    Hala ere… Bai, berandu da. Denboraren kanpaiek trumoiaren kanta jotzen dute jada. Suntsipenaren murmurioa.

    Ai.

    Orain itzuliko dira mendeetan lokartu zirenak, izan zirena izateko bihotz-gosez.

    Sasoi hartan, zuen kondairen oroimenak bildu aurretik, jainkoen pagadiak sortu ziren, harrizko muinen azpiko demonio-piztiak eta itzal-izakiak gau orotan. Zuen arbasoek beldur zieten. Gurtu egiten zituzten.

    Mende ugari igaro ziren, hamaika lainotan zehar, grinak eta odol eta lokatzezko gerrak. Astiro, Denborak hartu zituen mendean jainko guztiak, hutsari lotuak edo ilunabarrezko arrokaz lurperatuak. Nolanahi ere, Denboraren aukera da mutatzea eta jolas egitea. Badoa eta badator. Amaitzen da eta biratzen.

    Denborak, haur-bihurri, kartak aldrebestu ditu beste behin, eta arauak trukatu. Ahaztuen aharrausia entzun da. Haien begiak zabaltzen ari dira.

    Anboto mendi sakratuak zaintzen dituen lurretan, jainko ausartegi batek aldea atera die gainerakoei. Gaueko da, Gauaren Jauna. Antzinako beste hasiera batean, helmenera zituen izaki guztien gida eta zuzentzaile izan zen. Gero, bere lekuaz biluzi zuten, eta Gauekok beste Jaun batzuk zerbitzatu zituen. Ez zuen ahantzi, ordea, antzinako bere loriaren taupada.

    Ordua da.

    Mundua, zuen mundua, lehertzeko zorian dago. Nork gidaturik gabe.

    Botere-hutsartea ez da luzea izango eta Gauekok ez du alferrik galdu nahi. Dama beldurgarria esnatu baino lehen jokatu beharko du, nagusitasunaren alde abiatuko den gudua hasi aurretik.

 

 

 

Ni naiz giltza

 

 

    Zuen XXI. mendean hezi ninduten. Mundu betea duzue: teknologiaz, irrikaz, inkomunikazioz. Hainbat urte joan zitzaizkidan nor nintzen ez nekiela, ideiarik izan gabe dena hondora zihoala… hasiera berri bat abiatzeko.

    Orduan lehertu zen amildegia.

    Esan zidaten. Ez nituela sekula ikusiko Suzko Hiru Tontorrak Anbotoko laino-basamortuan, orain lurraren jainkoak sortzen diren eremuetan. Esan zidaten. Ez nintzela sekula osorik aterako nire pitzadura zentzuezetatik, eta ahazteko betileen ertzetik haragoko bidaia oro. Jakina, maitasun basarik ez. Ez borrokaldi, ez etsai, ez milioi bat ekaitzek larruturiko biderik.

    Diktatu zidaten. Nire bizitza lazeria putzu bat besterik ez zela izango, kolibriaren hegaldia bezain laburra. Kontatu zidaten. Odolezko malkoak bakarrik. «Sentitzen dugu, dagoena da». Hori esan zidaten. «Ahaztu, gazte. Ez amestu arrano izaterik. Ez desiratu ezinezko garaipenik. Okerragoa izango da».

    Huts egin zuten.

    Erabat.

    Itzuli nintzelako. Haiekin. Behiala izandakoa izateko berriro, inoiz imajinatu ez zutena bihurtzeko. Ez haiek, ez zuek. Ezta nik neuk ere.

    Orain, deituidazue Oihan, senik gabea.

    Ni naiz amaiera berriak dakarren hasieraren giltza.

    Zuen azkenaren oihua.

 

 

Diseinua: Cristina González

2012 Gaumin S.L. itzalensua@itzalensua.com